Ikatz aktibo pikortatuzko (IAP) iragazkiek zeregin garrantzitsua dute ur edangarriaren prozesuan, bereziki materia organikoa, mikrokutsatzaileak eta usainari nahiz zaporeari eragin diezaieketen konposatuak kentzeko. Iragazki horiek zerbitzutik kanpo daudenean, ezinbestekoa da biltegiratze-baldintza egokiak izatea, ikatzaren adsortzio-ahalmenari eusteko, nahi ez diren hazkunde biologikoak saihesteko eta ondoren behar bezala abian jartzen direla bermatzeko.

Testuinguru horretan, BBUTZAk MAFICA III eta MAFICA IV proiektuak jarri ditu abian, aurreko MAFICA I eta II azterlanei jarraipena emateko. Ikerketa aldi bereko bi fasetan garatuko da. Alde batetik, MAFICA III proiektuan IAP mantentzeko eskuliburu bat egitea aurreikusten da, plantako kudeaketa- eta kontserbazio-prozedurak optimizatzeko. Beste alde batetik, hamar lauhilekoko iraupena izango duen MAFICA IV proiektuak hainbat baldintzatan biltegiratutako ikatz aktiboaren bilakaera aztertuko du: hezean, urperatuta, garbiketak eginda eta kloro dioxidoa (ClO₂) gehituta. Laginen ahalmena eta ezaugarriak iodo-indizearen, metileno-urdinaren adsortzioaren eta biofilmaren eraketaren bidez ebaluatuko dira, bai eta beste parametro batzuen bidez ere, hala nola pH-a, redox potentziala, granulometria eta hezetasuna.